Kepa Korta's home page
  • Home
  • About me
  • Publications
  • Teaching
  • Misc

Galderak eta testuak

Galderak zuzenean eta argi erantzuten saiatu.
Testuak iruzkintzean, proposatutako testu zatitik abiatu. Idatzitakoak testu osoaren beste edozein zati iruzkintzeko balio badu, seinale txarra; autore beraren beste edozein testu iruzkintzeko berdin balio badu, are txarragoa.

Erreferentzia

Fregeren eta Russellen ikuspegiak izen propioei buruz. Zertan dute antza? Zein ezberdintasun dituzte?

Har kontuan honako bi perpausok:
       - Zizeron hizlari erromatarra zen
       - Tulio hizlari erromatarra zen
 ‘Zizeron’ eta ‘Tulio’ pertsona beraren bi izen izanik, proposizio bera adierazten al dute? Zer esango luke Fregek? Eta Russellek?

Har kontuan perpaus hau:
    - Euskal Herriko erregea ez da burusoila
Zer esango lukete Fregek, Russellek eta Strawsonek horri buruz: Gaur esana, egiazkoa da? Faltsua da? Zertan da bere esanahia?

    - Olentzerok ez dit oparirik ekarri.
Perpausa zer da, egiazkoa ala faltsua? Zer esango luke Fregek? Eta Russellek? 

    - Hesperus Phosphorus da.
Perpausa zer da, analitikoa ala sintetikoa? Beharrezkoa ala kontingentea? A priori ala a posteriori ezagugarria? Zer esango luke Fregek? Eta Kripkek? 

    - Izan zitekeen AEBetako 2015eko presidentea ez izatea AEBetako 2015eko presidentea.
Perpausa zer da, egiazkoa ala faltsua? Zer esango luke Kripkek? 

    - Izan zitekeen Obama ez izatea Obama.
Perpausa zer da, egiazkoa ala faltsua? Zer esango luke Kripkek? 

Performatiboak

Ondoko perapusaren esaldi bat, Austinen arabera, performatiboa da? Ala baiezpena?
 
“Zezen hau arriskutsua da”​

Zein da arazoa honako esaldi honekin?

​“Katua mahai gainean dago, baina nik ez dut uste.”

Zein da Austinek ematen dion soluzioa?

Austinek dioenez, baiezpenen eta esaldi performatiboen arteko bereizketa, azkenean, egiazki, eraitsi egiten da. Zein arrazoi ematen ditu ondorio horretara iristeko?

Inplikaturak

Nola azaltzen du Gricek tautologien erabilera komunikazioan? Zer esaten da tautologia bat erabiliz? Zer komunikatzen da? Nola? Eman adibideren bat.

Zertan da elkarrizketa inplikatura partikularizatuen eta orokortuen arteko bereizketa? Eman adibide bana. Zeintzuk dira garrantzitsuak formalisten eta informalisten arteko eztabaidagaiaren ebazpenerako? Zergatik?

Frege (1892), “Zentzu eta erreferentziaz”

"Aristoteles" bezalako benetako izen propioaren kasuan, zalantzarik gabe, bere zentzuari buruzko iritzi desberdinak egon daitezke. Esate baterako, zentzu hau suposa daiteke: Platonen ikaslea eta Alexandro Handiaren irakaslea. Hau suposatzen duenak "Aristoteles Estagiran jaio zen" perpausari zentzu bat emango dio eta 'Estagiran jaio zen Alexandro Handiaren irakaslea' izen honen zentzua dela penstatzen duenak, ordea, beste zentzu desberdin bat. Erreferentzia berdina izaten jarraitzen duen bitartean zentzu gorabehera hauek onar daitezke.

[Baierako perpaus osoak] bere barnean pentsamendua dauka. Pentsamendu hori nola hartu behar da? Zentzutzat ala erreferentziatzat? Demagun, oraingoz, perpausak erreferentzia badaukala; hitz bat erreferentzia bereko, baina, zentzu desberdineko beste hitz batez ordezkatzen baldin badugu, aldaketa honek ezin izango du inongo eraginik izan perpausaren erreferentzian.

Strawson (1950), “On Referring”

Gogoan har berriz “Frantziako erregea jakintsua da” perpausa, eta honi buruz Russellek esaten dituen gauza egiazko eta faltsuak. (...)
Zein dira Russellek perpausari buruz esango lituzkeen gauza faltsuak? Honako hauek:
(1) Inork orain esanez egiazko baiespen bat ala baiespen faltsu bat egiten ariko litzatekeela;
(2) Baiesten ariko litzatekeenaren zati bat orain Frantziako errege bat eta bakarrik bat existen dela litzatekeela.

Donnellan (1966), “Erreferentzia eta deskripzio definituak”

Nik ez dut erreferitzean huts egiten besterik gabe nire entzuleak ez duelako ongi identifikatu ni erreferitzen ari natzaion hori. Gizon jakin bati erreferitzen ari nintzaioke “martinia edaten ari den gizona” esaten dudanean, zuzentzen ari natzaienek pertsona egokia edo inor ere identifikatzen huts egin arren. Ez dut erreferitzean huts egiten ere, lehen azpimarratu dugunez, deskripzioa ezerk betetzen ez duenean. Baina agian muturreko baldintza batzuetan huts egin dezaket erreferitzean, ni erreferitu natzaiona bezala identifikatu nahi dudan ezer ez dagoenean.​

Hemen, nire puntu nagusiak, ordea, Linskyren beste ikuspegi honekin dauka zerikusia: aurresuposizioa asetzen ez delako, baiezpena ez egiazko ez faltsu delako iritziarekin, alegia. Zuzena izan daitekeela iruditzen zait, baldin deskripzio definitua atributiboki erabiltzen dela pensatzen bada (Strawsonekin ala Russellekin bat egitearen arabera). Baina erreferentzialki erabiltzen dela uste badugu, baiespen kategoriko hau ez da gehiago argiro zuzena. Hiztuna erreferitu zaion gizona atsegina izan baitaiteke neskazaharrarekin; hiztunak zerbait egiazkoa esan dezake gizon horri buruz. Zailtasuna beraz “baiezpena” nozioan datza.

Kripke (1971), “Identitatea eta beharrezkotasuna”

Jakina, argudio horren aurrean erreakzio posible bat da ukatzea ‘Zizeron’, ‘Tulio’, ‘Gaurisanker’ eta ‘Everest’ gisako izenak benetan izen propioak direla. Begira, “Hesperus Phosphorus da” eta “Gaurisanker Everest da” gisako baieztapenak kontingenteak direnez gero, honakoa esan lezake norbaitek: ikus dezakegu aipatutako izenak ez direla huts-hutsik erreferentzialak (horixe bera esan du norbaitek. Haren izena ‘Bertrand Russell’ da). Ez zara objektu bati ‘etiketa’ bat jartzen ari (Marcus andrearen hitzak erabiliz); benetan, deskribatzen ari zara.

Wittgenstein (1922), Tractatus Logico-Philosophicus.

4.461. Esaten dutena erakusten dute proposizioek. Ezer esaten ez dutela erakusten dute tautologiek eta kontraesanek.
    Tautologiak ez dauka egibaldintzarik, baldintzarik gabe baita egiazko; eta kontraesana inolako baldintzetan ez baita egiazko.
    Tautologiek eta kontraesanek ez daukate zentzurik.

Tarski (1944), “Egiaren kontzepzio semantikoa eta semantikaren oinarriak”

Egiaren definizioaren problemak egitura zehazki espezifikatua duten hizkuntza horientzat baino ez du lortzen esanahi zehatzik, eta zehazt-mehatz, egitura zehazki espezifikatua duten hizkuntzentzat baino ezin daiteke ebatzi. Beste hizkuntzentzat ---hau da, hizkuntza naturalak, “ahozkoak” direlakoentzak--- problemaren esanahia zehaztu gabe dago gutxi-gehiago, eta haren ebazpena gutxi gorabeherakoa baino ezin daiteke izan. Gutxi gorabehera, hizkuntza natural baten ordez egitura zehazki espezifikatua duen eta emandako hizkuntzatik “ahal den gutxien” alderatzen den bat jartzean datza hurbilketa.​

Grice (1957), “Esanahia”

Hartu orain, esaterako, kopeta zimurtzea. Normalean, berez, kopeta zimurtzen badut, niri begira dagoen batek nire kopeta zimurtzea desplazeraren zeinu natural gisa har dezake. Baina nahita (nire desplazera adierazteko) zimurtzen badut, espero daiteke begiraleak, nire asmoa igarrita,  oraindik ere nire desplazera ondorioztatzea. Ez al genuke hortaz esan behar, ezin daitekeenez espero inongo ezberdintasunik begiralearen errakzioan nire kopeta zimurtzea bat-batekoa ala informatiboa izateko asmoz egindakotzat hartzeagatik, nire (nahita egindako) kopeta zimurtzeak ez duela ezer esan nahi (NN)?

Austin (1961), “Esaldi performatiboak”

... suposatu norbaitek ohar bat ezartzen duela "Zezen hau arriskutsua da", edo "Zezen arriskutsua" soilik edo "Zezena" soilik. Ezberdina al da nahitaez zuzen sinatutako beste ohar hau ezartzetik, "Honen bitartez ohartarazten zaizu zezen hau arriskutsua dela"? Badirudi "Zezena" ohar soilak eta formula landuagoak funtzio berbera bete dezaketela. Jakina, ezberdintasuna da, "Zezena" ezarri besterik egiten ez badugu, ez litzatekeela erabat garbi geratuko oharpen bat dela; izan liteke bakarrik interes edo informazio hutsagatik, zooko kaiolan "Wallabi" bezala, edo "Antzinako Monumentu". Kasuaren izaeragatik jakingo genuke, noski, oharpen bat zela, baina ez litzateke esplizitua izango.

Grice (1967), “Logic and conversation”

On the general question of the place in philosophy  of the reformation of natural language, I shall, in this essay, have nothing to say. I shall confine myself to the dispute in its relation to the alleged divergences. I have, moreover, no intention of entering the fray on behalf of either contestant. I wish, rather, to maintain that the common assumption of the contestants that the divergences do in fact exist is (broadly speaking) a common mistake, and that the mistake arises from inadequate attention to the nature and importance of the conditions governing conversation.

home
Picture
Picture
Picture
Powered by Create your own unique website with customizable templates.
  • Home
  • About me
  • Publications
  • Teaching
  • Misc